1981ean izan zuen lehen harremana udal politikarekin, orduan sartu baitzen Donostiako Udalean, UCD alderdiko zinegotzi gisa. Ordudanik era aktiboan hartu du parte udal politikan. Garai hartatik aurrera udalbatzan jarraitzen duen politikari bakarra Odón Elortza da, egungo alkatea. Alderdi sozialistako zinegotzirik gazteena zen orduan Elortza. 1985ean, Donostiako Udaleko Osasun eta Ingurumen Zinegotzigoaren ardura hartu zuen Usandizagak. Bi urtera utzi zuen kargua
UCD eta PDP alderdietako kide izan ondoren, 1987an aldi baterako utzi egin zuen politika, Óscar Alzagak gidatutako alderdia desagertu zenean. Alderdi Popularra berrantolatzean politikara itzuli zen, eta 1995ean, Gregorio Ordóñezen erailketaren ostean, zinegotzi kargua hartu zuen. Gerora Alderdi Popularreko bozeramaile bihurtu zen Donostiako Udalean.
1999ko urrian Hirigintza Diziplina, Osasun eta Ingurumen zinegotzi izendatu zuten, eta kargu horretan aritu zen, harik eta 2002ko martxoan Odón Elortzak PPko kideak gobernu taldetik botatzea erabaki zuen arte. 2000ko ekainean Gipuzkoako Alderdi Popularreko idazkari nagusi izendatu zuten, eta 2001ean Gipuzkoarako eusko legebiltzarkide. Azken kargu hau 1998 eta 2001 artean ere bete zuen.
2004an Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidente aukeratu zuten, María San Gilen ordez. Egun, Donostiako Udaleko Alderdi Popularreko bozeramailea ere bada. Udalbatzako bigarren alderdi nagusia da PP, 27 zinegotzietatik 7 baititu.