Datozen urteetan kultura izango da, hain zuzen ere, gure hiriaren garapenerako ardatz nagusietakoa. Funtsezkoa da besteak beste Victoria Eugenia antzokia eta San Telmo museoa eraberritzea, Donostiako kultur eskaintzaren zutabe baitira. Horrez gain, kontuan izan behar dira kultur etxeen eta museoen edukiak zein proposamenak ere, baita Tabacaleran kokatutako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea bezalako zentroak ere.
Donostiak kultura proiektu integratzailearen alde aritu behar du, eta gizarte osoari eman behar dio bertan parte hartzeko aukera. Proiektu bakarraz hitz egiten hasteko ordua dugu, bere barnean arlo ugari bilduko dituena: arte eszenikoak, musika, dantza, antzerkia, arte ederrak, kirola, aisialdia, kongresuak, turismoa, zientzia... Horiek guztiek kultura elkarreragin bakarra osatu beharko lukete, eta hala sustatu beharko genuke, bakarra balitz bezala.
Gure hiriak kulturaren aldetik oso erakargarriak diren alderdiak ditu, nahiz eta horietako asko ezezagunak diren bisitarientzat zein donostiarrentzat. Oinarritik hasi beharra daukagu, edukietatik, eta ideia ongi errotuta daukagunean saldu, horixe baita epe luzera mota guztietako onurak emango dizkiguna. Mundu guztian saldu behar dugu gure irudia, baina modu integratuan.
Kultur eragileek eskainitako jarduera eta edukietan sakontzea proposatzen dugu, eta arlo horiek guztiak proiektu bakar batean integratzea. Era berean, alderdi fisikoak edukiekin lotzea da gure xedea. Bisitariei zein donostiarrei aisialdirako eta kulturarako ekipamenduak erabiltzeko aukera eman beharko genieke, besteak beste deskontu bonoak eskainiz eta kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren munduko eragile eta erakundeen ekarpenak beraien eskura jarrita. Azken ideia hurrengoa da: ahalik eta eragile publiko zein pribatu gehienek parte hartzea Donostiako kultur eskaintzan, Europa osoan inbidia sortzeko moduko apustua osatzeko.
Horretarako, era guztietako mezenasgoetara jo beharra daukagu. Azken alderdi hau funtsezkoa da Europako kultur hiriburu maila lortzeko.