Toki Araubidearen Legeak ezarritakoaren arabera, udalek, herritarrengatik gertuen dauden erakundeak izanik, Konstituzioak espainiar guztiei aitortutako udal gizarte zerbitzuak eskaini behar dituzte, deszentralizatutako antolakuntzaren bidez.
Konstituzioak ezarritako markoan oinarritzen dira gizarte zerbitzuak, eta euren garapen berriaren helburua ez da gizarteko sektorerik ahulenei eta baztertuenei laguntza ematea bakarrik, baizik eta gizarte osoa kontuan izango duen Gizarte Ongizateko Sistema Publikoa eratzea ere bai. Horrenbestez, sistema horrek herritar guztion beharrei erantzun beharko die eta guztion bizitza kalitatea hobetzen lagundu beharko du.
Gizarte ongizatea printzipioen adierazpen soila baino askoz ere gehiago da: borondate politiko irmo eta sendoa eskatzen du (legedia garatzea, baliabide materialak eta giza baliabideak esleitzea, lehentasunak definitzeko irizpideak ezartzea, gizarteko justizia kontuan izanez, parte hartzeko bideak sustatzea, eta abar). Hobekuntza profesional iraunkorra jarri behar da abian, betiere balioak alde batera utzi gabe eta herritarrak gizarte gaietan parte hartzera bultzatuz, bitarteko demokratiko guztiak erabilita.
ALDERDI POPULARRAk gizakiaren berezko duintasunari erantzun behar dio, bere errealitatea eta beharrak ezagutuz.
ADINDUAK
ALDERDI POPULARRAren aburuz, adinduak merezi duten errespetuarekin, maitasunarekin eta ardurarekin zaindu behar dira. Beren lanari eta ahaleginari esker da Donostia gaur egun dena.
GAZTEAK
Gazteen papera sustatzeko modurik onena, erakunde guztien kudeaketan eta politikan zuzenean parte hartzeko aukera ematea da; beraz, Udalean bertan ere bai.
Horregatik, Alderdi Popularrak, hiriarekin eta gizartearekin konprometituta dauden gazteen aldeko apustua eginez, bere hauteskunde zerrenda guztietan sartu ditu gazteak. Horrenbestez, gazteak izan dira Alderdi Popularreko hauteskunde programarako proposamenak egin dituztenak, eta eurak izango dira, gainera, kudeatu eta gauzatzeaz arduratuko direnak.
EMAKUMEA
Giza Eskubideen Gutunak eta Konstituzioak jasotzen dutenaren arabera, guztiok berdintasunerako eskubidea daukagu eta inor ezin da baztertu bere sexua, ideologia, erlijioa edota arraza dela-eta. Horregatik, gizon-emakume guztiek eskubide eta aukera berdinak izatearen alde egin behar du Udalak lan.
Azken urteetan aurrerapauso handiak eman badira arlo honetan, baina, tamalez, oraindik ere asko dago egiteke. Alderdi Popularrak gizarteratzeko eta berdintasuna sustatzeko gizarte politikak aplikatzen ditu, kuota baztertzaileetara eta diskriminazio positibora jo gabe; izan ere, horrelakoek, hobekuntza partzialen izenean, desberdintasuna iraunarazten baitute. Alderdi Popularrean gizabanakoaren alde aritzen gara lanean, pertsonaren alde, bere benetako balioa aintzatestearen alde.
ETORKINAK
Gero eta etorkin gehiago daude gure artean, eta lehenbailehen erantzun behar zaio gai honi.
Behar nagusiak enpleguaren, etxebizitzaren, heziketa profesionalaren eta hizkuntzaren arloan ikusten ditugu.